Skip to content Skip to footer

Lourdes Odriozola historialariak Gipuzkoako emakume sagardogileei buruz egindako ikerketaren zati bat da honako hau. Ikerketa horretatik abiatuta, “Emakume Ekintzaileak Sagardogintzan” erakusketa egin zen, Sagardoetxearekin eta Jokin Mitxelenaren ilustrazioekin lankidetzan, eta horixe da eduki honen oinarria.

Gipuzkoako historian sagardoa, nahiz eta batzuetan bigarren mailan egon, kontuan hartu beharreko funtsezko elementua izan da. Gaur egun ere gizartearen zati garrantzitsua da, baita osagai sinboliko eta identitario gisa ere.

Erdi Aroaren amaieratik eta Aro Modernoan zehar, sagardoa oinarrizko elikagaia izan zen garai hartako Gipuzkoarentzat. Merkatura bideratutako nekazaritza-soberakin garrantzitsuetako bat zen. Sagardoa, probintziako biztanleen elikadura-beharrak hornitzeaz gain, soberakin ugari zituen, Atlantikoaren iparraldean beren jarduera transozeanikoak burutzen zituzten arrantza-enpresa handiak hornitzeko, batez ere gipuzkoarrak, baina baita lapurtarrak ere. Beraz, artoaren ekoizpenean oinarritutako nekazaritza-eredua garatu aurretik, Gipuzkoako nekazaritza-ekonomiak sagar eta sagardo soberakin ugari ekoizten zituen, besteak beste, tokiko merkatuen eskariari erantzuteko. Baina tokiko esparru hori ere gainditzen zuten, arrantzontzi handien kasuan bezala.

Hori horrela, probintziako ordenantzek sagardoaren edo txakolinaren inportazioari murrizketa zorrotzak ezartzen zizkioten, tokiko ekoizpena babestu eta sustatzeko. Garai hartako ordenantza ezberdinak ikusita, ikus daiteke Gipuzkoako udal ordenantzek, oro har, kanpoko sagardo eta txakolinaren inportazioa eta kontsumoa debekatzen zutela, bertako uztaren salerosketa babestearren. Sagardoaren kasuan ez bezala, ordenantza probintzialek urriak ziren oinarrizko produktuen inportazioa errazten zuten, gariaren kasuan bezala. Beraz, sagardoari buruzko ordenantza horiek, bai udaletakoak, bai 1696ko Foruen bilduma berrian jasotakoak, probintzian behar ziren elikagaien inportazioa errazten zuten gainerakoen izaera edo espiritua urratzen zuten.

Igartubeiti Baserri Museoa XV-XIX. mendeetan sagardoak gizarte- eta ekonomia-ehunean izan zuen garrantziaren adibide garbia da. Igartubeiti XVI. mendeko dolare baserria da. Dolarea palanka-sistema mekaniko bat da, kasu honetan sagardoa ekoiztera zuzenduta zegoena. Torloju batek osatzen du (horrekin aktibatzen da) dolarearen habea (palankarena egingo duena), berniak (baserriko habeari eta teilatuari eusten dioten zutoinak) eta masera (sagarra botatzeko eta prentsatzeko oinarria). Baserri dolare mota honen ezaugarri nagusia da baserriko arkitekturaren neurriak eta dimentsioak dolarearen araberakoak direla. Lehenik dolarea eraikitzen zen, eta haren inguruan eta haren neurrira eraikitzen zen etxebizitza.

Igartubeiti ez zen kasu bakana gizarte hartan. Harrigarria da nolako abiaduraz hazi ziren mota horretako baserriak lurraldean zehar. XV. eta XVII. mendeen artean, Gipuzkoan 2000 dolare-baserri inguru egon ziren.

Litekeena da dolare-baserriaren une goren hori garai hartako gizartean sagardoaren lehen beharrak eragin izana. Jakina da marinelak eta baleazaleak, garai hartako Gipuzkoako gizartearen beste motor ekonomikoetako bat, sagardoa elikagai nagusitzat hartuta ateratzen zirela itsasora, enpresa transozeanikoak irauten zuen bitartean erraz kontserba zitekeena. Bestalde, adibidez, sagardoak gizarte hartan zuen garrantziagatik, sagarraren laborantzari eta sagardoaren ekoizpenari eta salmentari buruzko multzo juridiko eta arauemaile oso bat sortu zen.

Baina noski, sagardoa ez zen bakarrik egiten eta ez zen bakarrik merkaturatzen. Beraz, atzean, beren bizitzako istorioen bidez ondare kultural eta historiko horretan lagundu zuten pertsonen kontakizunak daude.

Eta esparru horretan hobeto ulertu ahal izango dugu lau emakume sagardogile horien historiaren bitartez, Lourdes Odriozola historialariaren eskutik.

XVI-XVIII. mendeetan emakumeak lan handia egin zuen bere familiaren beharrei aurre egiteko. Emakumeen lanak gora egiten zuen eskala sozialak behera egin ahala. Askotan, lan gogorrak eta ordainsari txikikoak egin zituzten. Gizonen erdia eta herena artean kobratzen zuten, eta hauek baino eskubide gutxiago zituzten.

Ohikoa zen Gipuzkoan emakumeak sagastietan lanean eta sagardoa merkaturatzen aurkitzea. Horien ondoan, Pasaiako portuan, pertsonak eta merkantziak ertz batetik bestera garraiatzea emakumeen okupazioa zen.

Gure protagonistak XVI-XVIII. mendeetako lau emakume gipuzkoar dira, bata bestearekin zerikusirik ez dutenak. Horien arteko lotura bakarra sagardoa da. Emakume ausartak, ekintzaileak, adimentsuak izan ziren, eta horietako batzuk oso ondo ezagutzen zuten negozioen mundua. Kasu guztietan, zoritxarraren aurrean zuten erabakitasunak garaile atera zituen, eta kendu nahi zitzaizkien eskubideak defendatzeko aukera eman zien.

  • Antonio, M. C. (2017). El lagar de viga, el motor del caserío vasco. In Actas del Décimo Congreso Nacional y Segundo Congreso Internacional Hispanoamericano de Historia de la Construcción: Donostia-San Sebastián, 3-7 octubre 2017 (pp. 357-366). Instituto Juan de Herrera.

  • Lonbide, X. A. (2004). La comercialización de la producción agrícola guipuzcoana durante la Edad Moderna. In VII Reunión Científica de la Fundación Española de Historia Moderna (pp. 293-310). Ediciones de la Universidad de Castilla-La Mancha.

  • SANTANA, A. (2003). Igartubeiti. Gipuzkoako baserri bat. Ikerketa, zaharberrikuntza eta zabalkundea. Donostia.

Ontzi-salerosketan jardundako emakume sagardogilea

XVI. mendean sagardoa garai bikainenetako bat izan zen, oparotasun ekonomikoa, itsas bideen aurkikuntza eta kontrola eta demografiaren hedapena zirela eta. 1497an Ternua aurkitu zuten, non bakailao banku oso aberatsak zeuden eta balea asko zebiltzan. Ordutik, urtero, itsasontzi asko itsasoratu ziren Gipuzkoako portuetatik Kanadako ur hotzetara.

Maria de Labayen lezotarra, bere uztako sagarrekin egindako  sagardoaren salerosketan jardun zen. Miguel de Arrieta kapitainarekin ezkonduta eta bi alaben ama, emakume ausarta eta ekintzailea izan zen. Alargun gelditu ostean eta bere senarrak irabazten zuen dirurik gabe,  urte zailak pasa zituen ekonomikoki. Arrazoi honengatik, diru iturri berriak bilatzeko moduak asmatu zituen.

Maria de Labayenek ontzien mundua ezagutzen zuen, eta jakin bazekien sagardoa diru gisa erabili zitekeela merkatuan zegoen eskari handiaren arrazoiz. Hala, 1565an ontzi-elkarte batean parte hartu zuen. Juanes de Illumbe, Paulo de Iturriaga eta Martin de Acorda-rekin elkartu zen “Saint Nicolás” itsasontziak Ternuara balea ehizatzera egindako bidaian.  Hau hornitzea 190 dukat kostatu zen.

Lezotarrak gastuen 1/8-renean parte hartu zuen, baina ez dirutan, 24 sagardo barrikekin baizik. Hasiera batean, Maria de Labayen-ek salerosketa biribila egin zuen sagarraren uzta bikaina izan zen urtean: bere sagardoaren ekoizpenaren zati bat saltzea lortu zuen eta 1.250 dukat-etarainoko irabazia eskuratzeko aukera zuen.

“Saint Nicolás” ontzia Ternuako uretara abiatzeko prest zegoela, Donostiako agintzaritzak Maria de Labayen-en sagardoa konfiskatu zuen. Karga eta deskarga eskubideak zirela medio eta Udal Ordenantzetan ezarria zegoenaren arrazoiz, Pasaiako portuan amarratutako itsasontziek beren eskumenean ekoiztutako sagardoa bakarrik ontziratu zezaketela argudiatu zuten.

Donostiaren uzia, Gipuzkoako Foruetan jasota zegoen eta Probintziako uztarekin ekoiztutako sagardoaren salmenta librearekin kontraesanean zegoen. Bidegabekeria honen aurrean, Lezoko alargunak demanda bat jarri zion Donostiako Udalbatzari eta urte betez itxaron ostean, irabazi egin zuen. Donostiako hiria 24 sagardo barrika itzultzera zigortu zuten.

Irudiak – Igartubeiti K6-Emakume ekintzaileak Gipuzkoako sagardoaren industrian-Maria de Labayen

Bere sagardoak Donostiako sute bat itzaltzeko balio izan zuen

Maria de Echeverria donostiarra, bere senarrak utzitako zorrak ordaindu ahal izateko sagardoa merkaturatzen ibili zen XVII. mendearen lehendabizko hamarkadetan. 5 seme-alaben ama eta Antonio de Oquendoren alarguna, saltokia familiaren bizilekuan ezarria zeukan. Etxe hura, bere senarrarena zen eta gaur egun Donostiako Fermin Calbeton kalea den Poyuelo kalean kokatua zegoen.

Poyuelo kalea, Donostiako harresiazko barrutiko kale garrantzitsu eta zabalena zen. Hala ere, hiriguneko bizi baldintzak nahiko eskasak ziren bertako biztanleentzat garbitasun falta, gaixotasun, izurri eta elikadura urriagatik. Honi, gainera, sortzen ziren sute suntsitzaileak gehitu behar zitzaiozkion, 1489, 1512, 1524, 1630 edo 1637 urteetakoak kasu.

1489a arte, hiriguneko etxe guztiak egurrezkoak ziren baina une honetatik aurrera, harrizko etxeen eraikuntza sustatu zen suteak saihesteko. Gainera, hiri barruan sustantzia eta material sukoien biltegiratzea debekatzen zuten neurriak onartu ziren, etxebizitza kokatua zegoen zoru nahiz hormak lohi eta karez estaltzera behartu zituzten eta etxebizitzen eraikuntzarako nahiz uraren hornikuntzarako arau berriak martxan jarri ziren.

Hala ere, ez zen suteen arazoa guztiz desagerraraztea lortu. 1637ko azaroaren 30ean Poyuelo kaleko etxe batzuetan sute bat izan zen, horien artean, Cigarroa eta Sebastian Arriola etxeetan.

Sutea handia izan zen eta hiriko putzuetan eta bizilagunek gordetako ura ez zen nahikoa izan itzaltzeko. Beste bide batzuk bilatu behar izan ziren tamaina handiagoko hondamendia saihesteko.

Beste batzuetan egin izan zen moduan, sutea kaltetutako etxeetan eta inguruko etxeetan zegoen sagardoarekin kontrolatua eta itzalia izan zen, horien artean Maria de Echeverriak bere upeltegiko upel batean zuen sagardoarekin. Lekukoek sua itzaltzeko sagardo asko erabili behar izan zutela aitortu zuten, azkenik gaueko ordu txikietan itzaltzea lortu zutelarik.

Ezbeharra gertatu zen unean, Maria de Echeverriak inguruko ekoizle batzuei erositako 56 sagardo karga zituen gordeta bere upeltegian, bere komertzializaziorako. Denak sutea itzaltzeko erabili ziren.

Udaletxeak ez zion dirurik ordaindu eta Gipuzkoako Korrejidorean demanda bat jarri zion bere sagardoaren balioa ordaintzeko eskatuz. Korrejidoreak bere alde egin zuen, baina Donostiako Udalbatzak zati bat baino ez zion ordaindu eta erreklamazio berri bat jarri zion oraindik zor zitzaion zatia kobratzeko.

Irudiak – Igartubeiti K6-Emakume ekintzaileak Gipuzkoako sagardoaren industrian-Maria de Echeverría

Sagardoaren salmenta bere modus vivendi-a izan zen bere senarraren erasoetatik ihes egin ondoren

Ana de Beroiz y Fagola klase ertaineko donostiarra da, 1683an Miguel de Maizekin ezkondu zena. Senar-emazteak goiko Pagola oinetxean (Donostia) jarri ziren bizitzen, istorio honetako protagonistarena, gurasoen herentziagatik, eta 450 dukat hipotekatu zituzten. Senarrak, bere aldetik, botika batetik zetorren diru pixka batekin lagundu zuen ezkontza eta bere emaztearen ondasun guztien administratzailea izatera pasa zen.

Ez zen Miguel de Maíz senar ona izan. Gosea pasarazi zion, judua eta sorgina izatea leporatu zion, hiltzeko mehatxua egin zion eta behin baino gehiagotan jo zuen. Erasoak gehiago izan ziren denborak aurrera egin ahala, eta emaztea pozoituta hiltzeko beldur ere izan zen. 1691. urteko egun batean, Ana Beroizek ezkontza-etxea uzteko erabakia hartu zuen.

Usadio onak eta morala babestea lehentasunezkoa zen gizarte hartan, emakume gutxi ausartu zen pauso hau ematera. Genero-indarkeria ezkutatzea, garai hartako moraltasunaren oinarri ziren emakumezkoaren zintzotasuna eta gizonezkoaren ohorea babesteko modu bat zen. Ana de Beroizen erabakiak asko haserretu zuen senarra. Emazteari errebelde izatea leporatu zion eta Iruñeko Eliz Auzitegian auzitara eraman zuen berarekin itzultzera behartzeko. Ana de Beroizek abokatu bat bilatu zuen bera defenda zezan, eta garai hartan ondasun-erkidegoaren desegitea zela ulertzen zen “dibertzioa” eskatu zuen. Hasiera batean dena kontra zuen, ezkontzaren barruan gizonezkoak bere emaztea “neurri baten barruan” zuzentzeko zuen eskubidearen baitan indarkeria justifikatua baitzegoen.

Iruñeko Eliz Auzitegiaren autoa iritsi bitartean, Ana de Beroizek beldurra alde batera utzi eta Fagolako etxetik bi sagardo upel atera zituen, senarraren baimenik gabe, merkatuan saltzeko. Senarrak beste salaketa bat jarri zion Gipuzkoako Korrejidorearen aurrean, eta honek, salmenta hartatik lortutako dirua senar-emazteen artean kopuru berean banatzeko epaia ezarri zion.

Antza denez, Anak Eliz Epaimahaiaren “dibertzioa” lortu zuen; izan ere, 1691ko abenduan, Fagola baserritik Miguel de Maíz falta zela aprobetxatuz, bertatik etxeko ostilamendu guztia, arropa eta sagardo upel batzuk eraman zituen. Senarrak beste salaketa bat jarri zion Korrejidorean, eta honek, 1692ko martxoan, erabaki zuen baserriaren eta bertan lortutako errenta guztien gozamena kopuru berdinetan banatu behar zirela Miguelen eta biktimaren artean.

Irudia 1– Igartubeiti K6-Emakume ekintzaileak Gipuzkoako sagardoaren industrian-Ana de Beroiz y Fagola

Hogeita lau urte Pasaiako batelariak kontratatzen zizarra garraiatzeko

Maria Josefa De Orobio erosteko ahalmen handia zuen emakumea zen. Errenteriako Etxeberria baserriaren jabea, 1712an, Juan Bautista de Arizabalo-rekin ezkondu ondoren Pasai Donibanera joan zen bizitzera eta handik kudeatu zuen bere ondarea. Bertan hil zen 1774ko irailaren 2an.

Artoaren laborantza zabaltzeak sagarrondoak baztertu eta ordezkatu zituen, etekin handiagoa ematen zuelako, eta berehala egokitu zen lurrera. XVIII. mendean, sagarrondoaren egoera hain zen handia, ezen Probintzia eta Tokiko Agintaritzak saiatu baitziren hura babesten, sagar barietate preziatuak zaintzen, sagardoaren kalitatea bermatzen, herritarren hornidura bermatzen eta prezioetan gehiegikeriak saihesten.

Zehazki, udalek sagardoarentzako zotz edo txanden sistema ezarri zuten. Hala, hautatuak izaten zirenek, zozketan adostutako prezioan eta ordenean eman behar izaten zuten sagardoa eta hala egin ezean, zigortuak izaten ziren. Batzuetan, gainera, beste neurri osagarri batzuk hartu ziren. Hala, 1747ko abuztuaren 23an, Errenteriako Kontzejuak agindu zuen urte horretan ezin izango zela ez sagardoa ez sagarrik atera Hiriaren jurisdikziotik, eta debekatu egin zuen batelontzietan barrena eraman ahal izatea. Hau betetzen ez bazen, 10 dukat-etako zigorra ezarriko zitzaien legea hausten zutenei.

Udal akordioak sagardoaz hitz egiten zuen eta ez zizarraz. Zizarra, uztaren hasieran heldu gabe sagarrondotik erortzen ziren sagarrekin egiten zen; arrazoi honengatik, hilabete edo hilabete t’erdiz bakarrik mantendu zitekeen. Batzutan, aurreko uztako “tandetako” sagardo guztia kontsumitzen zenean, zizarra saltzen zen herrian. Baina ez zen hau izan 1747ko iraileko kasua eta hortik etorri zen Maria Josefa de Orobiok Errenteriako Udalbatzarekin izan zuen arazoa.

Orobio andreak, azken hogeita lau urteetan egin zuen bezala, Etxeberria baserria zaintzen ari zen pertsonari, bere zerbitzariaren bitartez, Pasaiako etxera hiru zizarra karga ekartzeko agindu zion, bere familiaren kontsumorako. Era berean, udal-lizentzia lortu ondoren, Francisca de Vertiz eta Bautista de Echeverría batelarien zerbitzuak kontratatuko zituen. Korporazioak hartutako erabakia eta kasu hauetarako herrian zegoen ohitura ezagututa, aurrez Udalerriko Agintarien baimena lortzeko agindua eman zuen. Baimena hitzez lortu zuten, baina ez idatziz.

Etxeberria baserrian ekoiztutako 3 zizar kargen garraioa iraileko lehendabiziko egunetan gauzatu zen. Zizarra garraiatu zutenean, Errenteriako kaian konfiskatu zuten, eta Etxeberria baserriko kolono espetxeratua, alkatearen aginduz. 10 dukat ordaindu ondoren askatu zuten.

Maria Josefa de Orobiok salatu zuen hori, legearekin bat ez zetorrelako. Egun batzuk geroago, Errenteariako Udalak Maria Agustina de Larramendiri sagardoa bere Errenteriako sagastitik Pasai Donibanen zuen etxera eramateko baimena eman ziolako. Korrejidoreak arrazoia eman zion Orobio andereari, baina Udalbatzak epaia apelatu zuen Valadollid-eko Real Chancillerian.

Irudiak – Igartubeiti K6-Emakume ekintzaileak Gipuzkoako sagardoaren industrian-María Josefa de Orobio

Share

Project co-financié par le Fonds Européen de Devoloppement Regional (FEDER)
Proyecto cofinanciado con el Fondo Europeo de Desarrollo Regional (FEDER)
Projecte cofinançat pel Fons Europeu de Desenvolupament Regional (FEDER)
Eskualde Garapeneko Europako Funtsarekin (EGEF) batera finantzatutako proiektua

PATRIM © 2024. ALL RIGHTS RESERVED.