Skip to content Skip to footer

Amerikatik ekarritako artoak erabateko aldaketa eragin zuen baserrietan. 1630. urte inguruan Igartubeiti izan zen artoa ereiteko egokitu zen lehen baserrietakoa. Baserri zaharrari aurre parteko atal bat eransteko eta goiko oinaren azalera guztia aletegi eta artoa lehortzeko toki gisa erabiltzeko ideiak berehala bota zituen sustrai sakonak, XVII. eta XVIII. mendeetan zehar berritu ziren milaka baserrietan.

Igartubeiti K6-Artoa-Igartubeitiko aletegia

Indietako artoa

Artoa, Zea mays, Ameriketatik inportatu zuten eta XVII. mendeko lehenengo urteetan hedatu zen. Indietako artoa edo mairuen artoa, hasieran horrela esaten baitzioten, azkar ohitzen zen leku berrira eta gariak ematen zuen bolumena halako hiru ematen zuen, gainera ezin hobekiago egokitzen zen lur hezeetara eta maldetara.

Igartubeiti K6-Artoa-Artoa Igartubeitiko baratzean

Artoaren hedapen zikloa

Jabe handiek lurgintza exotiko hori beraien lur bazter askotan landatu eta etekin onak ateratzeko aukera ikusi zuten, eta lur zati horietan baserri gehiago egin zituzten alogeran eskaintzeko, eta beren aldetik, bigarren mailako nekazariek, lehen emigraziora kondenaturik zeudela ziruditenek, hortz handiko laiak besoetan hartu zituzten bertan landatu ahal izateko.

Artoaren hedapenak lur zati txiki edo malda handiko ugari lantzea galdatu zuen, bertan laia goldea baino erabilgarriagoa zelarik. Emakumezkoek nahiz gizonezkoek hartzen zuten parte laborantzaren ahalegin neketsuan.

Artoa iritsi baino lehen, baserritarrek, gariaren eta artatxikiaren irinarekin egiten zuten ogia, baina beti urri eta eskas izaten zen. Lurrak ez ziren onak, euri gehiegi eta aldapa asko. Artoa, berriz, oso ondo eta bizkor hazten zen, lastoa ere luze luzea, aleak ere lodiak eta irina horia eta itsaskorra, taloak egiteko ezin hobea.

Zereal hau apirilean eta maiatzean landatzen da, lurra berotzen hasten denean eta abuztuan-irailean biltzen da. Ondoren, lehenengo lana artaburuak garbitzea izaten zen, arta malutak, artaburuaren hostoak, oheetako lasta-magarrak betetzeko erabiltzen ziren, baita tabakoa biltzeko ere, bizarrak tabako gisa ere erabiltzen ziren.

Igartubeiti K6-Artoa-Igartubeitiko baratzeko artoa

Artoaren lehortzea

Artaburuei irin bihurtu eta etxekoen elikaduran sartu ahal izateko eman beharreko tratamendua eta gariari eta artatxikiari ematen zitzaiena oso ezberdinak ziren. Garia, uzta bildu orduko, eho bazitekeen ere, edo aletegi itxi, lehor eta ilun batean karraskariengandik babestu bestela, eta aldian-aldian beharrezko kantitateak atera eta errotara eraman, artoarekin ez zegoen horrela inolaz ere jokatzerik. Baserritarrek ezin zuten berdetan eho, eta hainbat astetan lehortzen eduki behar izaten zuten errotara eraman aurretik, bestela errotarriak oratu eta makineria matxuratu ere egin zitekeen eta. Lehortze lan honetarako artaburuak zabaldu egin behar ziren azalera estali eta ongi aireztatu, zeren eta metatu edo kutxetan sartuz gero bazitekeen hartzitzea eta jateko moduan ez geratzea. Lehortzea ere ezin gehiegi luzatu, artaburuetan berehala hazte zelako “arta-kotxoa”, bizkor asko jaten zituen parasito bat alegia; halaz, behin ondu eta gero egun gutxiren buruan aletu behar ziren, eta horretarako iluntze parteko famili bilkura handi eta biziak antolatzen zituzten, are inguruko baserrietako auzotarrekin txandaka bilduz ere zenbaitetan. Artaburu garbiak, gero, artoa jotzeko astoan aletzen dira mazo bidez, astoa azpian zuloak dituen enbor hustu bat da. 

Igartubeiti K6-Artoa-Artoa jotzeko astoa

Artoa, funtzesko elikagaia, XX. mende hasiera arte

Artaburu aletuak erregai gisa erabiltzen zituzten eta aleak errotara eramaten zituzten. Arto-irina galbahetik pasa ondoren taloak eta morokila prestatzen zituzten.

Artoak, euskal landetan, artatxikiaren tokia hartu zuen, eta gizakiaren dietan aldaketa handia eragiteaz gain animalienean ere eragin zuen, behiak negu partean gobernatzeko artatxiki lastozko azaoak erabiltzen zituzten eta.

Artoaren hedapen zikloa XVIII. mendearen erdialdera arte luzatu zen. Garia ez zen oraindik desagertu. Gari-irina zen artean preziatuena eta erraz bihurtzen zen merkatuan dukat edo diru jakina. Horregatik, jabeek errenta gari-anegekin ordaintzea eskatzen zuten beti. Horrela Gipuzkoako lurraldean dieta bikoiztura zentzugabea ezarri zen. Nekazariek bi uzta erein behar zituzten era berean: bata taloa eta beraiek jaten zuten arto-ogia oreztatzeko artoa, eta bestea Elizak eta maiztergoak ezarritako zergei aurre egiteko garia. XX. mendearen erdi aldera utzi zen azkenean alde batera, Elizaren opariak desagertu zirenean, eta nekazariak orohar lurren jabe egin zirenean, Kantauriko itsasertzean garia biltzen ahalegintzeko ahalegin zentzugabea.

Artoaren eragin miragarria XIX. mende hasieran bukatu zen, gerra iraultza eta aldaketa bortitzen garaia izan zen eta industria sartu zen Euskal Herriko aranik barnekoenetaraino.

Igartubeiti K6-Artoa-Artaburuak

Share

Project co-financié par le Fonds Européen de Devoloppement Regional (FEDER)
Proyecto cofinanciado con el Fondo Europeo de Desarrollo Regional (FEDER)
Projecte cofinançat pel Fons Europeu de Desenvolupament Regional (FEDER)
Eskualde Garapeneko Europako Funtsarekin (EGEF) batera finantzatutako proiektua

PATRIM © 2024. ALL RIGHTS RESERVED.