Igartubeitiko webgunean erakusketa birtuala ikusgai:
https://www.igartubeitibaserria.eus/es/archivo-digital/exposiciones-virtuales/cocina
Sarrera
Sukaldea etxearen erdigunea da, baserriko bizimoduaren benetako bihotza eta eguneko orduetan zehar familiak duen egonleku bakarra. Bertan biltzen dira senide guztiak, bertan bizi dira guztiak, su inguruan beti. Hemen prestatzen dira otorduak, solasaldien gunea da, etxeko lan guztiak ere bertan egiten dira, emakumeen eginkizuna baita normalean, sehaskari eragiten zaio, arropak josten dira…

Jose Inazio Mendiguren eta Nikolasa Aranburu, seme alabez inguraturik, Igartubeiti baserriko sukalde zaharrean 1925 inguruan.
Sua:
Sukalde erdian sua dago, beheko sua, adaki eta subilez hornitua, trinkoturiko buztinezko zoruaren gainean zuzen-zuzenean prestatua, eta honen gainean, berriz, preskante izeneko zurezko beso birakari bat; horretatik esekita elaratza –laratza-, burdina forjatuz egina. Kate honek muturrean daukan kakoan zintzilik pertza dago, kobrezkoa, eta bertan prestatzen dira jakiak; hori sutara hurbiltzeko edo urruntzeko, katenbegi batzuk igo edo jaitsi egiten dira.

Beso birakaria. Honetan zintzilik laratza, eta honen kakotik, berriz, erdiko suaren gainean pertza.
Metalezko lanabesak
Lapikoak hiru hankako burdinazko euskarri baxu batean –treberean jartzen dira, eta hori, hurrena, txingarretan. Era berean, burdina forjatuzko arranparrila bat erabiltzen da haragi errea prestatzeko. Lurrezko lapikoak ere jartzen dira, eta burdinazko euskarri erdi-zirkular batzuen bidez, suburnien bidez alegia, sutara inguratzen dira. Sua uneoro kontrolatuta edukitzeko hainbat tresna erabiltzen da, hala nola bertzuna eta ilinti eta txingarretarako suhatzak.
Animalia txikiak osorik edo haragi pieza handiak erretzeko, suaren alde banatan burdina forjatuzko euskarri batzuk jartzen dira, altura desberdinetan zuloak eginda dauzkatenak. Hauetatik zehar burdina forjatuzko barra bat pasatzen da, burruntzia alegia, eta honek alderik alde zeharkatzen ditu zatiak, ezpata baten antzera.

Burdinezko burruntzi-kirtena, hari eusteko zuloak dituena
Janarien prestakuntzan zehar metalezko hainbat lanabes erabiltzen da, esate baterako bitsadera, neurri desberdineko ontziak, hala burdinazkoak nola kobrezkoak, eta kobrezko suila, zurezko beste gauza askorekin batera, bai pikadera edo oholak izan, bai espatula eta koilare handiak izan.
Arasak:
Sukaldean zenbait arasa dago, edo zurezko apal, paretan sarturik, bertan gorde behar baitira lurrezko, peltrezko eta zurezko platerak, eltzeak, gurin-ontziak, burdinazko aiztoak, zurezko koilarak, argi egiteko erabiltzen zen baleaolioa gordetzeko potiza, treskak, godaletak, antoisinak eta inguruko zeramikazko pittarrak.

Paretatan sartutako arasa, zurezko apalak dituena. Hauxe zen lehengo baserrietako armairu bakarra.
Zurezko kutxak:
Zurezko bi kutxa ere badaude, eta horietan gordetzen dira beste hainbat tresna, esaterako Talaverako baxera fineko pieza batzuk, eta horiekin batera erretiluak, eztainuzko plater eta platertxoak, katiluak, pitxerrak, kobrezko godaletak, edalontziak, ezkon-horniko zilarrezko kikaratxo bat eta kristalezko botilaren bat. Kutxa horietan, halaber, janari preziatuenetako batzuk gordetzen ziren, hala nola azukre-opilak, irina, gailetak, ezti-eltzeak, arrain lehorra, zezina, eta baita sukaldeko ehun-horniaren zati handi bat ere, esate baterako mantel batzuk eta “eskuzapi” handi edo ezpain-zapi batzuk.

XVI. mendeko kutxa. Hanka zabalak tatxetez eta izar-diskoz apainduta ditu.
Zizailua:
Sutondoan zizailua dago, zurezko maila bat berau, bizkarralde handia duena, eta bere eginkizuna bizkar aldea hotzetatik eta aire-korronteetatik babestea dena. Honen erdi inguruan ohol biribil eraisgarri bat dago, mahai gisa erabiltzeko. Zizailuan familia burua eta aita aldeko aitaita esertzen dira, eta inguruan, hiru hankako eserlekuetan –aulkiak baitira- eta eserleku baxuetan –siletan- seme-alabak.

Zizailua, mahai eraisgarriarekin.
Beste tresna eta objektu batzuk:
Sukaldeko beste tresna bat brontzezko almeriza da, janarietarako saltsa eta beste zenbait prestakuntzatan erabiltzen diren osagaiak xehatzeko edo jotzeko balio duena.

Brontzezko almeriza.
Kutxetako baten gainean zurezko oraska dago -dezga-, enbor hustu bat, ogi-orea egiteko erabiltzen dena alegia. Oraska garbitzeko matarraskia izeneko burdinazko hortz bat erabiltzen da.

Dezga edo oraska, zurezko pieza bakar batez egina.
Sukaldeko beste elementu batzuk ditugu suila, kono-enbor formako ontzia berau, eta pegarra, oso sabel zabaleko zeramikazko ontzi bat, ahoko luzexka eta helduleku altua duena. Bata zein bestea likidoak eramateko eta gordetzeko erabiltzen dira, ura batez ere, baserriaren fatxadatik berrogei bat metrora zegoen karelik gabeko putzu batetik ateratzen zuten eta garai batean, edo bestela Igartubeitiko Iturria izenekotik, etxearen atzealdean baitzegoen, mazela erdian.

Ezkerrean suila eta ondoan, baldea.
Sukaldea eta etxeko beste gela guztiak argitzeko burdinazko kriseiluak erabiltzen dira, zurezko zutabeetatik zintzilik jarrita daudela; horietarako erregai gisa, berriz, gantza edo balea-olioa erabiltzen da.

Riseilua, kako zorrotz bat duena erremate etxeko zutabeetan ziltzilik jartzeko.
