Zugarramurdiko Sorginen Museoak:
Museoko entzunaretoa jendez betea zela aurkeztu du gaur goizean Sorginen Museoak Henningsenen aurkikuntza erakusketa iraunkorra. Gustav Henningsen ikerlariaren eta haren itzultzaile eta emazte zen Marisa Reyren dokumentu funtsaren elementu esanguratsu batzuekin osatua dago erakusketa. Dohaintzan jasotako elementuen erakusketaren helburua, ikertzaile handi honen irudia museoko bisitariei eta publiko orokorrari hurbiltzea da.
Erakusketaren aurkezpenean hasteko, txalaparta jo da eta Zugarramurdiko alkate Argitxu Aguerrek hartu du hitza bertaratu direnak agurtzeko. Ondotik, proiektu museografikoa aurkeztu du Ainhoa Aguirre Zugarramurdiko Leze eta Sorginen Museoko zuzendariak, instalazio berria gauzatzea ahalbidetu duten lankidetzak aipatuz. Segidan eman dute proiektua nola burutu den azaltzen duen bideoa. Proiektuan aktiboki parte hartu duten erakundeetako ordezkarien hitzartzea izan da ondotik: Sofia Egido Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuko ordezkariak hartu du hitza, Iruñeko Arte eta Diseinu Eskolako zuzendari Iñaki Otsoak, eta Nafarroako Unibertsitate Publiko Idazkari Nagusi Roldán Jimenok. Ekitaldia bukatzeko, Mariah Henningsenek, ikerlari famatuaren alabak, eskerrak eman dizkio Museoari garatutako lanagatik eta erakusketa bisitatzeko aukera izan da.
Erakusketaren nondik norakoak
Museoko hirugarren solairuan kokatuta dagoen Henningsenen aurkikuntza erakusketak
Henningsenen bizitzako hainbat arlo lantzen ditu hiru multzotan:
1.Etnologoa: Danimarkatik Galiziara
2.Historialaria: Salazarren paperen aurkikuntza, erreferentetzat hartzen dituen ikertzaileak, doktore-tesia eta sorginkeriari buruzko ikerketari egindako ekarpena.
3. Inspiratzailea: bere ikerketetan inspiratzen diren literatura, zientzia eta arte-lanak.
Erakusketaren solairu berean dago Agurtzane Anduetza artistaren erakusketa ere.
Eskerrak Gustav Henningseni eta Marisa Rey-Henningseni
Iaz, maiatzean bisitan izan zen Museoan Marisa eta bere hitzetan, Gustav Henningsenek aspaldidanik adierazi zuen liburu, mapa eta objektu horiek Zugarramurdiko Museoan behin betiko gordetzea nahi zuela, Zugarramurdiko herriak bere ikerketeei emandako harreragatik estimu eta esker ona adierazteko. Gustav 2023ko urrian zendu zen, baina bere oroimenak eta ondareak bizirik diraute. Museoak eskerrak eman nahi dizkie Gustavi eta Marisari museoarekin izandako detaileagatik, dohaintza eskuzabalagatik, eta museoan pentsatu izanagatik, bisitatzen joaten direnek beren ondarearen zati bat ezagutu dezaten.
Informazio guztia Zugarramurdiko Sorginen Museoa-ri buruz hemen.



